Game of Thrones

Irailaren 5ean zabalduko da "Game of Thrones" telesailean parte hartzeko lan poltsa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko abu. 30a, 09:51

Interesdunek, egun bakarra izango dute Alondegian izena eman ahal izateko, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitarte.

Jada hilabete pasa da Udalak, Game of Thrones telesail ospetsua Zumaiara datorrela jakinarazi zuenetik eta orduz geroztik, lagun asko izan dira honen baitan parte hartzeko interesa azaldu dutenak. Horretarako, Udalak adierazi du, datorren astelehenean, irailak 5,  ekoiztetxeak lan poltsa bat jarriko duela martxan.  

Horiek horrela, telesailaren ekoizpenean parte hartu nahi dutenek, Alondegian izena eman ahal izango dute -soilik egun honetan zehar- goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitarte. Bertaratzen direnek, fitxategi bat bete beharko dute beren ezaugarri eta datu pertsonalekin eta ekoiztetxea bera arduratuko da ondoren, behin betiko hautaketa prozesua gauzatzeaz.  

Udalak uztailean iragarri zuen modura, lagun ugari beharko dira mota askotariko lanak betetzeko. Gauzak horrela, lan poltsaren baitan, lorezain atrezzorako postuak zein zamalanetarako, garbiketarako eta segurtasunerako pertsonal postuak ere eskainiko dira eta azken honen kasuan, segurtasunari dagokionean hain zuzen, zenbait postu betetzeko,  titulu profesionalaren agiria (TIP) eskatuko da.   

Halaber, Udalak jakinarazi du, figurante bezala parte hartu nahi dutenek, www.facebook.com/modexporinternacional helbidera jo beharko dutela, non, casting-ez arduratzen den enpresa berak iragarriko dituen, datozen egunetan, izen emate epea eta hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko bete beharreko gainerako baldintza eta ezaugarriak.

Amaitzeko, Udalak adierazi du, aurrerantzean, ekoiztetxea izango dela, lan poltsaren zein behin betiko hautaketa prozesuaz arduratuko dena.

Itzurungo prestaketa lanak

Era berean Udalak azaldu du, Itzurungo prestaketa lanak aurreratu egin direla eta hauek irailaren 12an hasiko direla. Ildo honetatik azpimarratu du, muntai lan hauek ez dutela inola ere, hondartzara sarrera oztopatuko eta gehitu du kantinaren jarduerak, normaltasunez jarrituko duela herritarrei zerbitzua eskainiz.