Udalak Itzurungo eremu babestuak errespetatzea eskatzen du

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko uzt. 30a, 09:57

Aurreko astean Flyscheko biotopo babestuaren barne dagoen Itzurungo hondartzako harrizko horman zenbait pintada azaldu ziren. Honen harira, Udalak, ekintza salatu eta gaitzesteaz gain, babestuak dauden herriko eremuak errespetatzea eskatu du, pintada hau herriarentzat gain, paisaia naturalarekiko ere eraso bat delako.

“Guk, zumaiar guztiok, gure herriko espazio babestuak errespetatu eta ingurumena zaindu behar ditugu, gure herriaren eta ondarearen alde egin behar dugulako eta honelako ekintzek kaltea besterik eragiten ez dutelako” azaldu du Kortak. Honen harira, Udalak saiakera berezia egingo duela adierazi du, harrizko hormaren jatorrizko izaera berreskuratzeko eta garbiketa produktuek, horma ahalik eta gutxien kaltetzeko.

Era berean, gertakizun honek agerian utzi eta bistako egin du garbiketa ordenantzaren beharra Zumaian. “Ordenantzak ez du helburu izango soilik kaleak garbi izatea, baita ingurumena zaindu, babestu eta noski, horrelako ekintzak ekiditea ere” azaldu du alkateak, Oier Kortak.

Udalarentzat, adierazpenak egiteko guneak ezinbestekoak dira herritar ororen adierazpen askatasun eskubidea bermatzeko eta horretarako gune hauek sustatuko ditu; aste hauetan esaterako, 23 panel gehiago ezarriko ditu Zumaiako puntu estrategikoetan. Halaber, honen inguruan ere errespetuak ukaezinezko printzipioa izan behar duela adierazi du Udalak, hain zuzen eremu babestu zein espazio publikoak guztiontzat eta guztionak direlako.   

Amaitzeko, Udalak, ekintza honen inguruko hausnarketa sakona egin dezaten eskatu die egileei. “Pintaden bidez aldarrikatu nahi duten mezu bera indargabetzen dute eta guztiona den eremu honekin zer egiten ari diren birplanteatu beharko lukete, honelako ekintzekin, herriaren eta herritar guztien eremu berezi eta babestuak kaltetu besterik ez dituztelako egiten” amaitu du alkateak, Oier Kortak.