Alondegi aurreko plazaren izena erabaki du Udalak gaurko Osoko Bilkuran

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko uzt. 5a, 21:58

Alondegia aurreko plazak jada badu izena, Saregileen plaza hain zuzen. Izan ere, gaur arratsaldean Zumaiako Udalak ospatu duen ohiko osoko bilkuran, eguneko aztergaien artean, eremu honen izenpetzea izan da gairik nabarmenena.

-       Aurrerantzean Saregileen plaza izango da eta izenak, antzinean, eremu honetan sareak konpontzen zituzten emakumeei egiten dio erreferentzia

-       Plaza honen izenpetzeak EAJ-PNVren eta PSE-Eeren aldeko botoak izan ditu, EHBildu, abstenitu egin da.

Urte ugari igaro ditu espazio honek izenik gabe eta honen inguruan, Berdintasun Foroak, 2015eko martxoan, eskakizun bat egin zion aurreko legealdiko gobernuari, plazak Martxoak 8 izena hartu zezan.Proposamen honek, Zumaiako kaleetan, emakumeen errekonozimendua eta presentzia areagotzea zuen helburu.

Proposamena bertan behera gelditu zenez, 2016ko apirilean, foroko kideek berriro ere idatzi bidez aurkeztu zioten beren ideia, oraingoan, EAJ-PNVko udal gobernuari. Hauek, gaia Berdintasun Batzordera eraman zuten, izenaren erabakia, gainerako oposizioko arduradun guztiekin landu eta adosteko. 

Horiek horrela, maiatzaren 24an ospatu zen Berdintasun Batzordean, gobernu taldeak, Martxoak 8 proposamenarekin batera, beste izen bat aurkeztu zuen aukera gisa, Saregileen plaza hain zuzen, azken hau, EHBilduk otsaileko osoko bilkuran proposatutako izenetako bat izanik. Izen honek, omen egiten dio antzinean eremu honetan bertan, sareak konpontzen zituzten emakumeei. Gaia landu ondoren, batzordekide guztiek ontzat jo zuten gobernuaren proposamen berria. Era berean, aurrerago, herriko beste plaza edo kale bat Martxoak 8 bezala izendatzeko konpromisoa hartu zuen gobernuak aipatutako batzordean

Plazaren behin betiko izenaren onarpena osoko bilkuran erabaki aurretik, Hirigintza Batzordean ere landu zuten non, irizpena emateko orduan, EAJ-PNVren aldeko botoak jaso eta EHBildu atzera bota eta abstenitu egin zen.

Gauzak horrela, Alondegia aurreko eremua Saregileen plaza gisa izenpetu da, EAJ-PNVren eta PSE-Eeren aldeko botoekin. Berdintasun Batzordean oposizioko EHBildu taldea gobernuak proposatutako izenarekin ados bazegoen ere, gaurkoan, abstenitu egin da.

Izen berriaren inguruan, udal gobernuak berretsi du, emakumeak bistaratu egin behar direla, eta horregatik, garrantzitsutzat jo du gure emakumezko aintzindariei ere keinu hau eskaintzea. Dena den, udal talde politiko guztiek, ez dute inola ere baztertu, etorkizunean, Zumaiako kale edo plaza berriren bati Martxoak 8 izena jartzea.

ZUMAIAKO UDALA

Zumaian, 2016ko uztailak 5