Geoparkeko kostaldearen garbiketa auzolanean

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2017ko mai. 11a, 14:38

Europako Geoparkeen Astearen baitan, datorren maiatzaren 27an, Euskal Kostaldeko Geoparkearen ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Geoparkeko kostaldearen garbiketa egingo da auzolanean.

Labarretan pilatutako hondakin eta plastikoak biltzeko garbiketa egingo dugu datorren maiatzaren 27an, larunbata, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Deba). Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumaiako GKN enpresako langileen eta Surfrider elkarteko kideen laguntza izango dugu. Eusko Jaurlaritzaren "Aztertu" ingurumen heziketarako programak ere bat egin du ekimenarekin. Helburua da herritarrak gai honen inguruan sentsibilizatzea eta ingurumena zaindu eta errespetatzearen garrantziaz ohartaraztea.

Garbiketa egiteko boluntarioen laguntza beharko dugu. Goizeko 8:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, izena ematen duten boluntarioak Elorriagaraino eramateko. Hiruzpalau orduko lana izango da eta, behin lanak amaituta, mokadua eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

Garbiketan parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da, eta partaide bakoitzari asegurua egingo zaio (datu pertsonalak eskatuko zaizkizu izena ematerakoan).

Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, hurrengo loturan: izena eman

Zabor poltsak telebista saio baten helikopteroarekin aterako dira labarretatik; goiz guztian irudiak grabatzen arituko dira. 

(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)