Marearteko zabalgunera bisita gidatuak eskainiko ditu Geoparkeak asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2016ko api. 5a, 09:36

Datorren asteburuan marea biziak izango ditugu gure kostaldean. Hori dela eta, itsasbehera aprobetxatuz, Geoparkeak marearteko zabalgunera lau bisita gidatu eskainiko ditu larunbatean eta igandean.

Urteko itsasbeherarik baxuenetakoak aprobetxatuz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, beste proposamen batzuen artean, marearteko zabalgunea deskubritzeko bisita gidatuak antolatu ditu larunbaterako eta iganderako, hilak 9 eta 10. Marearteko gunea flyscheko itsaslabarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua da.

Bisita honek harritu egingo du bisitaria, ingurune honen edertasun eta aberastasunagatik. Itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten laguntzarekin, bisitariek marearteko guneko ekosistema aberatsa ezagutzeko aukera izango dute: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak… Irteera hau publiko zabalari eta 8 urtetik gorako haurrak dituzten familiei dago zuzenduta. Gomendagarria da haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea.

Larunbatean bi irteera gidatu eskainiko ditu Geoparkeak eta igandean beste bi. Irteera hauek aldi berean egingo dira Deban eta Zumaian, goizeko 11:00etatik aurrera. Euskaraz edo gazteleraz egin ahal izango da.

Proposamena egitearekin batera, Geoparkeak ohartarazpena ere egin nahi du. Marearteko zabalgunea kontu handiz zaindu beharreko ingurua da. Nabarmentzekoa da bertako aberastasun ekologikoa eta itsasertzeko ekosistemen aniztasuna; hori dela eta, ingurumenarekiko errespetuz jokatzea eskatzen die Geoparkeak egunotan hurbilduko diren bisitariei, antolatutako bisita gidatuetan parte hartuz eta une oro giden azalpen eta oharrei kasu eginez.

Bisita gidatu hauetan parte hartzeko erreserbak on line egin daitezke geoparkea.com webgunearen bitartez.