EH Bilduren proposamenak 2017ko udal aurrekontuetarako

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko abe. 22a, 10:16

Hauek dira 2017ko udal aurrekontuetarako EH Bilduk landu dituen proposamen nagusiak, atalez atal:

GIZARTE ZERBITZUAK

1.- Odietan oraindik bost etxebizitza salgai daudela ikusirik, horietako hiru Gipuzkoako Foru Aldundiari lagapenean eskaintzea proposatzen dugu, adimen urritasuna duten pertsonentzat etxebizitza babestuak sortzeko bi etxebizitza, eta bestea desgaitasun fisikoa duten herritarren artean bizi modu independientea ahalbidetzeko.

2.- 337.20 programan gazteen emantzipazioa bultzatzeko (alokairuen diru laguntzak) sortutako partidaren antzekoa sortzea, beste 20.000 €rekin, laguntza horiek herritar guztiengana zabaltzeko. Beharbada hobeto litzateke guztia Gizarte Zerbitzuen partida berri horretan biltzea, eta lehenago aipatutakoan San Jose ondoko bi etxebizitzak erabilgarriak izateko moduan jartzeko adina diru ipintzea, gero gazteen emantzipaziora bideratzeko (errefuxiatuak Zumaiara etortzeko aukera gutxi dagoela ikusita).

HIRIGINTZA

GUASCOReko eraikina enkantean atera dela ikusirik, eta gertatuko balitz enkanterik ez egitea inor ez dagoelako interesaturik (beti ere suposatuz udal gobernuak ez duela pausu hori eman), dagokion instituzioarekin harremanetan jartzea proposatzen dugu, eraikin hori Zumaiako udalaren esku geratzeko, eta horretarako gerakinetik 500.000€ gordetzea.

HEZKUNTZA

1.- Zumaiako Herri Eskolan eraikin berria egiteko konpromisoa dago, eta eraikin berri horrek aurreikusita dauka gimnasiarako gela bat. Gure proposamena da gela hori kiroldegi arrunt baten tamainakoa izatea, gure herrian dagoen kirol instalazio gabeziari aurre egiteko. Hezkuntza komunitateko eragileez aparte (eskola kirola etab…), kirol taldeek erabiliko lukete eskola orduez kanpo, eta asko arinduko luke egun kiroldegiak jasaten duen presioa, bazkideentzako ere mesedegarria izanik. Tamaina handitze horretan beharbada udalak inbertsio bat egin beharko luke baina guretzako hori kalkulatzea ezinezkoa da. Gerakinetik atera liteke.

2.- Udaleku irekiak bi urteko haurrentzako ere zabaltzea, duela bi urte egin zen bezala, herrian premia dagoelako. Horretarako bideratuta dagoen partida handitu egin beharko litzateke.

EUSKARA

1.- HITZAri emandako dirulaguntza 20000 €koa izatea (6500 €tan igoz). Baita ere proposatzen dugu enpresak horrek ematen dituen komunikazio eta marketing zerbitzuak kontutan hartzea udalak arlo horietan dituen premiak asetzerako orduan, kalitate maila handia eta prezio egokia izatea suerta daiteke, guztion mesederako.

2.- BALEIKEri emandako dirulaguntzarekin ados gaude, baina egonkortasuna ematea ezinbesteko ikusten dugu, eta agintaldi osorako hitzarmena sinatzea eskatzen dugu.

3.- Herritarrekin egiten diren bilkura irekietan denon hizkuntza eskubideak bermatzeko inbertsio bat egitea proposatzen dugu: itzulgailua + 20 entzungailu edo aurikular.

BERDINTASUNA

Aurten berdintasun beka kendu egin da, ohartarazpenik gabe. Ulertzen dugu agian urtero ateratzea ez dela posible, baina uste dugu Berdintasun Foroarekin harremana sakondu egin behar dela, aurten ez da proposamen konkreturik egin baina ideak bazeuden mahai gainean, eta beharbada bi urtetik behineko maiztasunarekin atera daiteke, betiere Foroarekin adostasunak landuz

INGURUMENA

1.- 170 Programan (Ingurumenaren administrazio orokorra) 226.98 zenbakizko sailkapen ekonomikoa duen partida (Kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak) 30.000 €-tik 15.000 €-ra murriztu da (eta iaz 50.000etik 30.000ra). Udal Gobernuak argudiatzen du kanpaina horiek kale garbiketa kontratuan daudela, eta ez dagoela gehiago egin beharrik. Egia izanik kale garbiketa kontratuan kontzientziazio kanpainak daudela hobekuntza modura, kontzientziazio kanpaina horiek hondakinen gaikako bilketaren ingurukoak dira, eta ingurumenaren zaintza hori baino askoz gehiago da (aste berdea, zuhaitz eguna, Zumaia garbia, landare inbaditzaileekiko kontzientziazioa…)
Beraz, uste dugu bi urtetan egindako murrizketa gehiegizkoa dela eta partida hori 30.000 €-tan lagatzea proposatzen dugu.

2.- Urola itsasadarra plan berezia garatzeko lanak 2020an hastea adostu genuen plan estrategikoa lantzerakoan. Ekintza asko dira egitasmo horretan aurreikusitakoak, eta urtero diru partida txiki bat aurreikustea proposatzen dugu egin daitezkeen preparazio lan txikiak egiteko (eremu konkretu batzuk berreskuratu, interes orokorreko lur sail pribatuak erosi (aukera dagoenean) etab…).
Beraz, Urola itsasadarra plan berezia garatzeko partidari (172.00 programa, 609.01 sailkapen ekonomikoa) 10.000 € egokitzea proposatzen dugu.

EH Bilduren beste proposamen batzuk

 


Idatzi honetan ez dugu landu zer partida aldatu beharko liratekeen gure proposamen hauek gauzatu ahal izateko. Pentsatu dugu lan hori ogasun batzordean egitea, denon artean, proposamenak ontzat eman eta gero.