Game of Thrones

Tronu dema, kezka eta zalantzak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko uzt. 21a, 18:15

Tronu dema (Games of Thrones) telesailerako irudi batzuk Zumaian grabatuko dira udazkenean, eta arduraz jokatzea dagokigu Udalean herritarren ordezkariak garen guztioi. Ez baita grabaketa hutsa. Ez baita gure herria munduan zehar ezagutarazteko balioko duen tresna bakarrik. Hori ere bada, jakina, baina askoz gehiago ere bai, eta kezkaz begiratzen diogu ekar dezakeen horri.

• Turismoaren izenean, Udal gobernuak baiezkoa eman dio telesailaren produktorak egindako eskaintzari. Batetik, turismoarena oso gai sakona da, ondo aztertu beharrekoa: nolakoa nahi dugun, nolakoa jasan dezakeen Zumaiak eta herritarrek, zenbateko eragina izango duen eta abar. Bestetik, udalak eta herriak berriki landutako Plan Estrategikoan, oso garbi adierazi dute herritarrek zer nahi duten: turismoa bai, baina orekatua eta jasangarria, eta erabateko lehentasuna eman diote turismo eredua aztertzeko aurrera eraman beharreko proiektuari. Badirudi "telesailak Zumaian zer ondorio utziko dituen ez dituztela baloratu", hori horrela izanik , tamaina honetako erabaki bat ardura gutxirekin hartzea iruditzen zaigu, eta are gehiago, herritarrek Plan Estrategikoan esan dutenari bizkarra emanez, gainera. Udal gobernuak ez daki telesailak nola eragingo dion Zumaiari baina "neurriak hartu beharko dituztela turismoa jasangarria izan dadin" dio alkateak. Zer neurri? Norekin adostuta? Ondorioak gainean ditugunean?. Badirudi balizko onura ekonomikoei besterik ez dietela erreparatu.

• Plan Estrategikoan, 4. Lerro Estrategikoan (Mundura Irekita dagoen Herria izena du), herritarrek eta Udaleko teknikariek lehentasun maila altua eman diote proiektu honi: 'Turismo eredua aztertzea eta zer turismo mota nahi dugun zehaztea'. 2017an garatu beharreko gai bezala dator Plan Estrategikoan, eta herritarren iritziak kontuan hartu behar direla dio proiektuaren fitxak (teknikariek landutakoak). Horregatik, EH Bilduren izenean Udal gobernuari eskatzen diogu har dezala konpromiso publikoa Plan Estrategikoan lehentasun altua duen gai hau garatzeko. Eta ikusita 'Tronu dema' (Games of Thrones) telesailaren grabaketak gai honekin erabateko lotura duela, beharrezkoa ikusten dugu Udal gobernuak aurreratzea Plan Estrategikoaren barruan dagoen proiektu hau, beranduegi izan baino lehen.

• EH Bilduren ustez, telesail honi Zumaian grabatzeko baimena emateko erabakia ezin du Udal gobernuak bakarrik hartu, eta are gutxiago, "zehazki baloratu gabe ondorioak". Gutxienik, turismoaren arloan dabiltzan eragile guztiekin, eta turismoak onerako eta txarrerako eragiten dien denekin elkarlanean landu beharreko gaia dela iruditzen zaigu. Herritarrei entzutea, alegia. Baina erabakia Udal gobernuak hartu du, eta alkateak berak esandakoan oinarrituz, arduragabekeria osoz, gure ustez.

• Gai honetan ere, beste askotan bezala, informazio falta erabatekoa izan da udalbatza osatzen dugun gainontzeko taldeekiko. Batzorde bakarrean tratatu da gaia, aldez aurretik gai ordenean sartu gabe, galdera eskarien atalean, azalpen lauso eta orokorregiak emanez ("ezin zuten telesailaren izenik ere eman"), produktora handi batek konfidentzialtasuna eskatzen zuelaren aitzakian. Bitartean, hurrengo egunean herrian bolo-bolo zebilen telesailaren izena, produktorarena eta gainontzeko informazio guztia.

• Turismoarena eta berarekin dakartzan ondorioena ez da alderdikeriaz jorratzeko gaia. Elkarlana behar du, adostasunak lortzea gainerako alderdiekin eta batez ere, herritarrekin-eragileekin. Pauso horiek guztiak kontuan hartu gabe, Zumaiaren eta zumaiarren etorkizuna baldintza dezakeen erabaki bat hartzea ez zaigu zuzena iruditzen.