EAJ-PSEk %92ko igoerarekin zigortuko dute organikoaren birziklatzea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko mar. 4a, 14:01
Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako EH Bilduko zinegotziak izan ziren prentsaurrekoan.

GHK-k %92 igo du gure eskualdean organikoaren goi-kudeaketaren tarifa. Horrelako neurri batek kezka sortzen du Urola Kostako EH Bildun, hondakinak bereizteko sustatze politikak bultzatu beharrean, bilketa sailkatuan egin beharreko lana zapuztu egiten baitute.

Pasa den abenduaren 22an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2016 ekitaldirako hiri hondakinen goi kudeaketa zerbitzuak eskaintzeko tarifak onartu zituen. "Errefusa" bezala ezagutzen dugunaren goi-kudeaketarako tarifa 157,38 eurotakoa izango da, honi %10eko BEZa gehitu behar zaiolarik. Hau da, %20ko igoera izango du aurreko tarifarekin alderatuta (131,15 euro). Biohondakinekin edo “organikoa” bezala ezagutzen dugunaren goi-kudeaketaren tarifa, berriz, 125,89 eurotan ezarri dute (honi ere %10eko BEZa aplikatu behar zaio). Aurreko tarifa 65,57 eurokoa izanik, %92ko igoera izango du birziklagarria den hondakin mota honek. 

Zer esan nahi du honek? EAJ-PSEk Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan errefusa eta organikoa ia maila berdinean jarri dituela tarifetan. Orain arte hondakinak ongi bereizteak fiskalitatean eragin positiboak zituen herritarrengan, organikoa tarifetan saritu egiten baitzen. Orain, ordea, organikoari ia %100 igoera ezartzen zaio, errefusarekin parekatzeko. 

Horrelako neurri batek kezka sortzen du Urola Kostako EH Bildun. Hondakinak bereizteko sustatze politikak bultzatu beharrean, hondakin mota guztien tarifak parekatuz, sailkatzearen beharra galtzeaz gain, ez da bereizketarik egiten hondakinak behar bezala bereiztu eta birziklatzen dituenaren eta ez dituenaren artean. Horrelako neurriek bilketa sailkatuan egin behar den lana zapuztu egiten dute. 

GHK-k ezarritako tasa igoerak organikoa bereizteko ahalegina egiten dugun herriak zigortzen ditu, bere estatutuetan agertzen den moduan ahalegin hori saritu beharrean. Zer zentzu du honek? Zergatik igo dizkie EAJ-PSEk, GHKren bitartez, zergak gure udalei? Igoera honen atzean Zubietako errauste planta dagoela begi-bistakoa da. Pasa den legealdian Diputazioak errauste plantaren proiektua bertan behera utzi zuen, herri eskaera bati erantzunez. Gelditzearen arrazoien artean, errauste plantak eragiten duen osasun-arriskuaz gain, argudio ekonomikoak zeuden. Eta alternatiba bat jarri zen mahai gainean:

- EAJ-PSEk: Errauste planta. 300 milioi + zigorra gehien birziklatzen duenari.

- EH Bilduk: Tratamentu mekaniko-biologikorako planta (TMB). 64 milioi + hobariak birziklatzen duenari.

Izan ere, 2011ean, Markel Olano Diputatu Nagusiaren lehen agintaldiaren bukaeran eta Martin Garitanok bere kargua hartu baino aste batzuk lehenago, GHK-k banku zehatz batzuekin gehiegizko kontratu bat sinatu zuen erraustegia finantzatzeko, swap delakoa, alegia. Inork ez du ulertzen nola sartu ziren EAJ eta PSE horrelako zorpetze erraldoi batean. 

Bestalde, Diputazioak sekulako dirutza ordaindu behar dio Cantabriari hondakinak haraino eramateagatik. Zergatik eramaten ditu Gipuzkoako Diputazioak hondakinak Cantabriara beste aukera hurbilagoak eta merkeagoak daudenean? Birziklapenean buru belarri sakondu baino, berriro ere hondakinak erre nahi dituzte Gipuzkoan.

Eta bide horretan, lehen erabakia tasen igoera izan da, hau da, “errauste-tasa” bat ezartzea. Baina ez da azken tasen igoera izango. Errauste plantarekin aurrera egiten badute honen eraikuntza ere denon artean ordaindu beharko dugu, gutxi gora behera 300 milioi. Beraz, aurreikusi daiteke hondakinen tasa Gipuzkoan 300 euroetara inguratuko dela hurrengo urteotan. EH Bilduk ez ditu negozio hauek inolaz ere babestuko.

Eskualde honetako EH Bilduk GHK-kari eskatzen dio birziklatzearen aldeko apustu garbia
ardatz izango duen politika erreal baten baitan kalkulatu ditzala tasen zenbatekoak . Ez da
onargarria sailkatzeko ahalegina egiten duenaren lana ez errekonozitzea eta sailkatzen ez duenaren
pareko tasak ezartzea. Tasak birpentsatu eta aldatu ditzala eskatzen diogu. Horrela udalek ere
herritarren ahalegin horri dagokion fiskalitate justu bat aplikatzeko aukera izango dugu. Gogoratu
nahi dugu Urola Kostako Mankomunitateak ere, teorikoki behintzat, bat egiten duela
birziklapen politikak areagotzeko beharrarekin. GHKk inposatutako tasa berri hauek erabat
kontra datoz mankomunitateak erakutsitako borondatearekin eta, beraz, eskaera hauek bere
egin eta GHKri helarazi diezaizkiola eskatzen diogu.

Birziklagarriak diren hondakinak bilketa berezituaren bitartez jaso behar dira , hori da Gipuzkoan hartu beharreko bidea eta, guri dagokigunez, Urola Kostako Mankomunitatearena ere, orain arte bezala gure apostuari eusten jarraituko dugu eta horretarako elkarlana eskaintzen jarraituko dugu behar diren erakunde guztiekin.