Zumaian hasiko da afizionatu mailako txirrindularien denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2015ko ots. 26a, 09:58

Larunbatean hasiko da Hego Euskal Herriko errepideko denboraldia afizionatu mailako txirrindularientzat, eta azken sei urteotan bezala Zumaian izango da lehen lasterketa.

Goizeko 10etatik aurrera jokatuko da Zumaia saria. Lasterketa honetan elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariak elkartuko dira, guztira 200 inguru. Txirrindulari asko etortzen dira lasterketa honetara, egutegiko lehenengoa delako, ibilbidea egokia delako edozeinek bukatzeko eta beste lasterketarik ez dagoelako egun horretan. Zumaiako lasterketan parte hartuko dutenen artean aurreko igandean Espainiako Lopako lehen lasterketa irabazi zuen Antonio Angulo (Gomur-Cantabria) izango da, baita aurrenengo hamarren artean sailkatu ziren Egoitz Fernandez (Euskadi Fundazioa) eta Peio Goikoetxea (AMPO) euskal txirrindulariak ere. Bide batez, Lessor Basqueko lasterketetan ondoen ibili diren euskal txirrindulariak ere bai, eta euskal taldeetan dabiltzan ziklistak: Aitor Gonzalez, Mikel Elortza (Ampo), Jon Irisarri, Mikel Aristi (Euskadi Fundazioa), Iker Azkarate, Carlos Jimenez, Victor Etxeberria (Caja Rural), Bastien Bady (Parking Geltoki), Sergio Rodrigez, Fran Zurita, Iker Eskibel (Infisport), Xabi Bengoetxea, Antonio Soto (Telco), Marcos Jurado (Seguros Bilbao) Alex Aranburu, Alvaro Trueba, Juan Antonio Lopez, Julen Amezketa (Baque-Campos) Xanti Ramirez, Jorge Arcas, Antonio Pedrero (Lizarte) eta abar luze bat. Eta hori gutxi balitz, pistako munduko txapelketa aurreko astean korritu duen Illart Zuazubiskar ere Zumaiako lasterketan izango da.

Herriko seme bat izango da parte hartzen, Aitor Olaziregik Zumaiako lasterketa korrituko du Hegoaldeko denboraldiari hasiera emanez. Ampoko koloreak defendatuz, taldearen aginduetara azken ailegaerarako Peio Goikoetxearentzat lana egitea egokituko zaio. Lessor Basqueko lasterketetan bere ezaugarrietarako egokiak ez ziren ibilbide malkartsuetan, neguko baldintzarik gordinenetan errepideko denboraldia estreinatu ondoren, gogotsu da zumaiarra etxean itxuroso ibiltzeko nahiz eta amaierako esprint horrek ez dion lagunduko sailkapen on bat lortzen. Joan den larunbatean 57. sailkatu zen 140 txirrindulariren artetik Lessor Basqueko 4. lasterketan taldekideentzat lanean jardun ondoren.

Zumaiako txirrindulari elkartean hazitako Gorka Etxabe aizarnazabaldarrak ere parte hartuko du baina honek ere lana egin beharko du bere Parking Geltoki taldeko esprinterra den Bastien Badyri laguntzeko.
Osagai guztiak ditu ikuskizun handi baterako larunbateko lasterketak eta horrela zale ala ez, goi mailako ziklismoaz gozatzera gonbidatzen zaituzte Zumaiako txirrindulari elkarteak. 10:00etan hasi eta zeharbidetik bi itzuli txiki eman eta gero, sei Zakila Bira izango dituzte ziklistek guztira 112 km osatu eta helmugara ailegatzeko. 12:45 aldera irabazlearen berri izango dugu.

Aurten Zumaiako Txirrindulari Elkarteak ahalegin berezia egin eta maila guztietan izango ditu lasterketa jendetsuak. Izan ere, kadete mailan Gaztetxo Torneoko lasterketa izango dugu Zumaian, honek esan nahi du Euskal Herriko kadete guztiak elkartuko direla eta junior mailan berriz Euskadiko Txapelketa jokatuko da gure herrian. Infantil eta alebinen lasterketak ahaztu gabe, guztira aurten maila guztietako parte hartzaileak kontutan hartuta 650 txirrindulari inguru izango ditugu denboraldi honetan gure herrian.