Gure mugetatik kanpo ere gure ziklistak protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2015ko urt. 29a, 16:51
Gorka Etxabe Bordeleko podiumean.

Aitor Olaziregi laugarren izan da Mallorkan sub-23 mailan, eta Gorka Etxabe bigarren Bordelen scratch-ean,  Europcarreko profesionalen artean.

Mallorcatik lan ona eginda itzuli da Aitor Olaziregi (Ampo). Ciutat de Palma sarian parte hartu du, pistako estatu espainiarreko espezialistarik onenak bertan parte hartzaile zirela. Albert Torres munduko txapeldunak irabazi zuen azken saria, sasoiko dago datorren hilean Munduko Txapelketan parte hartzeko; Sebastian Mora ere maila handian lehiatu zen eta Munduko Txapelketa buru belarri prestatzen ari den Irlandako selekzioak ere bertan parte hartu zuen (Noltyren parte hartzea nabarmendu); bada Ander Alonso taldekidearekin batera Olaziregi protagonista izan zen lasterketetan. Kanporaketan 7. sailkatu zen zumaiarra 24 parte hartzaileetatik bera eta Jon Irisarri gipuzkoarra izan ziren Espainiako selekzioko kideez gain pistan gelditu ziren bakarrak. Scratchean Olaziregi 9. sailkatu zen eta puntuaketan 14. sailkatu zen. Azken postua ez da aipagarria baina bai lasterketan erakutsitako kemena, bataz besteko abiadura pistari emandako 120 itzulietan handia izan bazen ere, 53Km/h, Olaziregik berak bakar-bakarrik kemena eta ahalmena izan zuen pelotoiari buelta ateratzeko, beste hainbat ziklistek ere bai, baina besteek taldeka, bakarrik ez. Pelotoia ez zen hankamotza, besteak beste bi munduko txapeldun zeuden bertan, Albert Torres eta Tony Tauler.

Bizitako esperientziarekin pozik etxeratu da Ampoko txirrindularia, asteburu honetan Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko du eta ondoren errepidean estreinatzeko prestatuko da, Ifarraldeko L’essor Basque lasterketetan parte hartzekoa baita.

Gorka Etxabek Parking Geltokiko Eneko Iparragirre taldekidearekin Bordelen korritu zuen igandean, eta ikaragarria lortutakoa, izan ere Europcar talde profesionaleko ziklisten artean lehiatu eta postu onak lortzeko aukera izan zuten.

Etxabe aizarnazabaldarra scratchean bigarren izan zen Boudaten atzetik, Coquard-en aurretik. Madisonean berriz profesionalek itzuli asko atera zizkieten gazteei, baina podiumera igotzeko ohorea izan zuten Etxabek eta Iparragirrek 3. sailkatu eta lasterketan egindakoak saria merezi zuela erakutsi eta gero.
Gorka Etxabek asteburuan jokatuko den Gipuzkoako Txapelketan lan oso ona egin dezake azken jardunaldietan erakutsi baitu pistako especialista izanik, maila berriari neurria hartu diola eta buruz buru edonorekin lehiaketako moduan dela.